XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain ere buruhausteak ditugu, euskararen erabilera dela eta ez dela.

Ez orduan bezalakoak, ordea.

Euskaldunon buruhauste nagusia, erabilera kontuan, badakizue zein izan ohi den: ez dela erabiltzen; ez, behintzat, nahi bezain sarri.

Erdara asko eta euskara gutxi entzuten dela leku gehienetan: besterik uste izango genukeen euskal zokondo gordeenetan ere bai.

Euskara galtzen ari zaigula eta, martxa honetan segitzen badugu, erdaraz besterik ez dela laster egingo.

Berrehun urte inguruko kezka eta larria daramagu buru-bihotzetan, hizkuntza galtzearen beldur horrek josia: Larramendiren garaitik hasi eta, Paskual Iturriaga tarteko izanik, mende honen hasierako gizarte-astinaldiaren barren-barreneraino iritsia zaigu, horrela, izu-ikara horren dardarizoa eta egonezina.

Bertako euskaltzale burujantziek ez zuten horretan, gainera, kanpoko euskalari eta espezialisten diagnosia ezabatzeko modurik ikusten: Humboldt-ek lehenik eta Vinson-ek, Eliseo Reclus-en eskutik, ondoren, euskararenak egin zuela epaitua zeukaten.

Unamunok, era bateko zein besteko Euskalerri-zaleen mingarri, nola-halako arrazoibidez jantzi baizik ez zuen egin besteek, lehenagotik, hotz-hotzean iragarria.

Bizirik gorde nahiaren buruhauste hori ere, hain handia eta iraunkorra izan arren, ez dugu ordea gaurkoan aztergai.

Bestelako kontua dugu hemen, batetik besterako jira-buelta itxuran jardun nahi ez badugu, argitu beharrekoa: euskara zuzen erabiltzearena.

Zuzen erabiltzea zer den; nork-noiz-nola zuzen darabilen eta zergatik, edo zergatik ez; eta, azkenik baina ez azken, euskara zuzen erabiltzeko, orain baino zertxobait zuzenago jarduteko bederen, zertan saiatu behar genukeen.

Eskola-mundura bildu nahi genuke gainera, ahal den heinean, argitze-saioa.

Aztergaia mugatua dugu beraz; eta on genuke guztiok ere, nork geure esparruan eta ikusmoldeaz, eginbeharrari izkintxo eginaz bestetara lerratuko ez bagina.

Mila gauza daukagu konpontzeko, eta ez da hau seguru asko premia larrienekoa izango; baina dena batera ezin da.

Tartean izango da gainera, horretan ez dut uste asmatze hutsean ari naizenik, gai hau aukeratu izana aurpegira botako digunik: zer zabiltzate bazterrak harrotzen esango digu akaso halakok, zuen ditxosozko erabilera zuzen horrekin.

Aski eta sobera lan dugu, bestela ere, egungo erabilera apurra indartu edo mantentze hutsarekin.

Inportantea erabiltzea da; ondo ala gaizki, baina ahalik gehien erabiltzea dugu auzigaia, zuen dotoreziak eta eder-kezka horiek alde batera utziaz.

Ez al dakizue, gainera, gure flakeziak eta mixeriak jendartean agertuz etsaiei aitzakia eman besterik ez dugula egiten.

Gaitzespen-galderok, beren gordinean ere, sendoegiak dira ezikusia eginaz aurrera jarraitzeko.

Komeni da, hortaz, gai hau aukeratu izanaren zergatikoak, axal-axaletik izango bada ere, mahaigaineratzea: